2014-15 ikasturtean LH-ko 1. mailatik hasi eta DBH-ko 4.maila bitartean matrikulatuta dauden ikasleei bideratuko zaizkie diru-laguntzak horiek. Ikasketa maila horietako ikasle bakoitzak 50€-ko laguntza jaso ahal izango du.
Eskaerak Gizarte Zerbitzuetan egin behar dira, eta, horretarako, orri sinplifikatu bat beteko da. Adingabearen aita, ama edo tutorea izan beharko dira eskatzaileak. Erositako materialaren faktura, edota adingabekoak egingo duen kirol-kuotaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira eskaera betetzerakoan. Horrekin batera, bankuko kontu-zenbakia adieraziko da dirua jasotzeko.
Eskaerak irailaren 1etik 30era egingo dira. Eskaera kopuruaren arabera, aurreikusitako 15.000 € horiekin eskaera guztietarako iristen den, edota zenbateko handiagoa ipini beharko duen erabakiko du Udalak. Bestalde, familia-unitatearen diru-sarrerak aztertuko ditu Udalak, betiere, errenta txikieneko familiei laguntzeko ideian.
Udalak garbi dauka krisi garaian laguntza txikiena ere eskertzekoa dela, are gehiago, ikasturte hasieran lapitzak, boligrafoak, koadernoak, karpetak, estutxeak, kalkulagailuak, testu-liburuak, konpasa… erosi behar direnean, edota kirol denboraldiari aurre egiteko kuota ordaintzeko garaia iristen denean.
Derrigorrezkoa da erositako eskolako materialaren fakturak Zarauzko denda batekoak izatea, eta, kirolaren kasuan ere, Zarauzko kirol-sail bati loturikoa izan behar du.
0 iruzkin :
Publicar un comentario